
2008-06-24 | 18:58:53
Europak tramitera onartu du Mutriku Natur Taldeak jarritako salaketa
Madrilgo Gobernuak hamar eguneko epea dauka Jaurlaritzari informazioa eskatu eta txostena aurkezteko
Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak Mutriku Natur Taldeak jarritako salaketa tramitera onartu du. Apirilean eraikitzen ari diren energia plantaren inguruan salaketa jarri zuen taldeak ingurumenaren gaineko azterketarik ez edukitzea alegatuta.
Orain Madrilek hamar egunetako epea dauka Euskal Jaurlaritzari informazioa eskatu eta txostena aurkezteko. Gero, Europak erabakia hartuko du.
«Euskal Herriko Ingurumen Legea 1998ko da eta instalazio elektriko guztiek ingurumenaren gaineko azterketa behar dutela dio. Orduan ez zen existitzen olatuen indarrarekin energia lortzeko planta, baina horrek ez du esan nahi gainerako instalazio elektriko guztiek bezala, azterketa behar ez duenik», azaldu du Natur Taldeko presidente Rafa Perezek .
«Bestalde, Mutrikun ezin zen energia planta jarri. Dikea egiteko eman zen baimena, eta gero jarri da energia planta. Legeak eskatzen du instalazio guztiek batera duten eraginaren azterketa egin behar dela, eta ez da egin», gaineratu du Perezek.
Instalazioa baina, eginda dago. «Eta Europako diruarekin ordaindu da gainera», zehaztu du Natur Taldeko presidenteak.
Natur taldearen intentzioa «negoziatzea» dela azaldu du taldeko presidente Rafa Perezek: «Lanak hobetzea da egin nahi duguna. Danborra eta dike berria lotzen dituen zatia kentzea nahi dugu. Lehengo hondartza berreskuratzea nahiko genuke, eta horrela, dikea lotu gabe geratuko litzateke. Gero, topatuko genuke lotzeko bidea: zubiren bat-edo».
Negoziatu ahal izatea espero du Mutriku Natur Taldeak: «Negoziatzen ez badugu, hasitako bidea jarrituko dugu, eta salaketa gehiago ere prest ditugu. Bestela, akordio batera ailegatuz gero, prest gaude salaketa kentzeko», argitu du presidenteak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.