
2008-06-25 | 17:51:59
Hezkuntza
«Aurrerapausoak eman ditugu, baina txaplata itxura dauka irtenbideak»
Hainbat protesta ekintzaren ondoren, helburuak hurbilago ikusten ditu Gorputz Hezkuntzako irakasleek duela urtebete sortu zuten mugimenduak.
Gorputz Hezkuntzako irakasleek proiektu kurrikular berriaren aurrean euren desadostasuna erakutsi dute, behin eta berriz. Euren babeserako hainbat kirolari, profesional, pertsonaia ezagun, irakasle... biltzen dituen elkartea ere sortu dute: SOHAT. Nerea Arrizabalagak (Mutriku, 1975) hasieratik parte hartu du mugimendu guzti horretan, eta azkenean emaitzak eman dituela dirudi.
Urtebetean protestaz protesta eta bileraz bilera ibili zarete.
Luzea eta gogorra izan da, baina zerbait nahi duenak zerbait egin behar du. Eta gu ziur ginen proiktu kurrikular berriak ez zuela bere orrialdeetan jasotzen zituen helburuak betetzen. Umeen garapen integrala bada helburua, ez da logikoa gorputz hezkuntzaren orduak murriztea; irakasgai horretan, ikasleek kirola eta jolasa baino askoz gehiago egiten dute.
Ekinaren ekinez, egina?
Maiatzaren bukaeran Lakuan egindako bileran, gutxieneko akordio batetara heldu ginen, behintzat. Gutxienez astean bi ordu eskatzen genituen, eta hori lortu dugu. Horretaz gain, soin hezkuntzaren jarraipen batzordea sortzea erabaki zen; baina oraindik izango dituen funtzioak eta parte-hartzaileak zeintzuk izango diren zehazteke dago. Gure irakasgaiak bateratzen dituen aspektu guztien jarraipena egitea izango du helburu. Azkenik, aholkulari orokorraren figura sortuko dute irakasleek izan ditzaketen arazoetan laguntzeko balioko duena.
Lortutako akordioarekin pozik al zaudete?
Akordioa txaplata baten modukoa da. Izan ere, dekretuan astean ordu eta erdiko saioak direla esaten jarraituko du. Ikasturte hasieran Hezkuntza Sailak ikastetxeei jakinaraziko die gorputz hezkuntzan astean 45 minutuko bi saio egongo direla, baina saio bakoitzari «higiene eta desplazamentu ohiturak mantentzeko» 15 minutu gehiago eskain behar zaizkiola.
Ez zaitut oso gustura ikusten kontatzen ari zarenarekin.
Ikastetxean dauden azpiegituren arabera edo ikastetxea non dagoenaren arabera, «higiene eta desplazamendu ohiturak mantentzeak» 15 minutu baino askoz gehiago behar izaten ditu. Orain arte bi ordu eta erdi zituen soin hezkuntzak, baina errealitatean horren azpitik genbiltzan. Orain bi ordu daude jasota... Zertan gelditzen dira gure saioak? Pozik gaude aurrerapausoa eman dugulako, baina esan bezala, txaplata baten itxura hartzen diogu irtenbideari.
Aurrerantzean, ze asmo duzue?
Astero bost orduko autonomia du ikastetxe bakoitzak nahi duen irakasgaiari eskaintzeko. Hor ikusiko da ikastetxe bakoitzak zerri ematen dion benetan garrantzia. Irakasleek eta gurasoek osatzen duen organoak du erabaki ahalmena. Ze hezkuntza nahi dugu gure umeentzat? Benetan garrantzia ematen diogu garapen psiko-motrizari eta umeen gizarteratze prozesuari? Hala nahiago dugu hizkuntzetan eta matematiketan azkarra izatea?
Orduan, zuen lana ikastetxeetan zentratuko duzue?
Hori da. Ikastetxez ikastetxe gainontzeko irakasleak eta gurasoak gorputz hezkuntzaren benetako garrantziaz jabetzea lortu nahi dugu. Haurrek euren gorputzaren bidez besteekin harremanetan jarri eta euren burua hobeto ezagutzen dute, eta gizarte sedentarioaren ondorioei aurre egiten die.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Nerea Arrizabalaga
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.