Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Mutriku
2008ko abuztuak 20, Eguaztena

2008-05-07 | 17:06:13

Kultura

Askatasunaren magia gaztea

Akelarre antzerki taldeko gazteek eskualdeko XXIV. antzerki jardunaldietan parte hartuko dute parte datorren astean, eta ondoren, herrian erakutsiko dituzte hartarako prestatu dituzten antzezlanak.

Argiak piztu eta ohiala igo bezain pronto ekingo ditoe lanari Akelarre taldeko gazteek. Batzuk urteak daramatzat oholtza gainean, beste norbaiten azalean sartzen; beste batzuren esperientzia ez da hain zabala, baina eszenatokian guztientzako lekua dago, eta Akelarren antzerki taldean ere bai.

Marisa Marinezek zuzentzen duen taldea orain dela 23 urte hasi zen martxan, eta sortu zen urtean ezezik, urtero joan izan dira eskualdeko antzerki jardunaldietara. Aurten ere ez dute hutsik egingo. Astelehenean Eibarren izango dira. Hurrengo egunetan, berriz, herritarrei erakutsiko dizkiete prestatu dituzten antzezlanak.
Talde gazteenek beteko dituzte han-hemengo eszenatokiak. Akelarre, izan ere, 23 urte horietan handitzen eta loditzen joan den taldea izan da. «Hamar umerekin ekin genion lehen urte hartan, eta orain, berriz, 70 inguru gara». Zazpi urterekin hasten dira Akelarren gazteak eta nahi duten arte jarraitzeko aukera dute. Egun Akelarreko talde nagusienean 20 urteko gazteak daude. Beste bi talde Institutuan daudenek osatzen dituzte, eta azken hiru taldeak San Miguel eta Goizeko Izarrakoek ikasleek.
Mugarik gabe gunea
Akelarre antzerki talde San Miguel ikastetxearen baitan sortu zen. Zuzendariak eskualdeko antzerki jardunaldien berri eman zien, gurasoei eta artean guraso elkartean zen Marisa Martinez prest agertu zen ideia aurrera eramateko.
Lehen urte hartan, ordea, beranduegi zela-eta ezin izan zuten Eibarrera joan. Baina herrian egiteko obra bat presatu zuten: Jorge Diazen Algo para contar en Navidad. «Hura izan zen egin dugun kutsu dramatrikodun obra bakarra. Hortik aurrerako guztiak umoretsuak izan dira. Ikusleek ondo pasatzea nahi dugu; gazteak eginak eta gazteek uletzeko modukoak izatea».
Lehen talde hark bere emaitzak eman zituen, eta berandu baino lehenago, Goizeko Izarran ikasten zuten zenbait ikasle ate joka zituen antzerkia egin nahi zutela esanez. «Denetzat egon dira, beti, ateak zabalik. Antzerkia askea da, eta egin nahi duenak hurbildu besterik ez du egin behar izan».
Martinezen antzerkiak ez du mugetaz ulertzen, ez du talde itxietan sinisten eta ez du bereizkeria onartzen. «Gazteek hori uler zezaten ariketa erraz bat planteatu besterik ez nuen egin. Jarri zu bestearen lekuan eta pentsatu ia gustatuko litzaizuken atea ixtea edo albo batera lagatzea. Gurean inoiz ez da horrelakorik gertatu».
Obligazio eza
Akelarrek «bakoitza den bezala agertzeko aukera» ematen die bertaratzen direnei. Gazteek «nahi dutelako» joaten dira entseguetara, eta behin eta berriro bueltatzeak gustura daudela adierazten du.
Antzerki taldean sartu eta bertan parte hartzeagatik, gainera, ez dute ezer ordaintzen. «Ez dut nahi dirua umeen nahia itotzeko gai izatea. Antzerkia egin nahi duenak ez dezala oztoporik eduki».
Mugak, ordea, badaude. Baina taldearen funtzionamenduarekin batera barneratzen dituzte, inork harreta deitu beharrik eduki gabe. Dena ez dago libre: taldekideei eta haien lanari errespetua dago guztiaren gainetik. «Hogei esaldi dituena bezain garrantzitsua da bi dituena eta hori badakite».
Horrekin batera, beldurrei aurre egiten, benetan garrantzitsuak diren gauzak ikusten eta euren kabuz antolatzen ikasten dute, besteak beste. «Inoiz entseguko ordua berriketan pasatu zaigu. Errespetatu egiten ditut; hain dute konfidantza handia euren artean, eta hain gustura daude... ordubete galtzeagatik ez da ezer gertatuko!». Beti ere, antzezteko eguna hurbil ez denean. Hala denean, lan giroa biziagoa izaten baita.
Jolasa, antzerkia, inprobisazioa, giro ona... guztia batu ontzi baten sartu eta Akelarre da ateratzen dena. Hori da taldeko zuzendariak duen inpresioa eta hori da ikasleei transmititu nahi diena. «Ikasle ohiekin topatzean esaten didate oraindik gogoan dut nire lehen esaldia. Hori da gustatzen zaidana; antzerkiaren magia eta magia horrek pertsonenganlagatzen duen oroitzapena».

Datak
Maiatzak 12. Eibarko antzerki jardunaldietan bi saio eskainiko dituzte; bata 12:00etan eta bestea 15:00etan.
Maiatzak 14. Ikasleentzako hiru antzezlan eskainiko dituzte 10:00etan Zabielen.
Maiatzak 17. Herritar guztiei zabalik egongo den saioa. Hiru antzezlan eskainiko dituzte 18:00etan Zabielen.

Antzezlanak
Aitonaren haserrea. (Iratxoak). Aitonaren etxean guztiek egiten dute kirola, eta denek dute esateko zerbait. Egun batetan aitona nazkatu egingo da (20 minutu).
Bi saltzaile arraro (Beti aurrera). Azoka batetan daude; zehazki emakumeentzako osagarriak saltzen dituen denda batetan. Bi saltzaile daude, baina arraro xamarrak dira eta bezeroak ere antzerako. Euren arteko kontuak erakusten dizkigu obrak (20 minutu).
Kastina (MNMS). Casting bat egiten ari dira. Antzerki obra bat egitekoak dira, eta neska gazteen bila dabiltza. Neska gazteak amarekin doaz casting-era; bateren bat amarik gabe, eta horrelakoetan denetarik gertatzen da (35 minutu).

 

 

Jasotako erantzunak:

Askatasunaren magia gaztea

Akelarre antzerki taldeko talde gazteenak izango dira astelehenean Eibarren eta hurrengo egunetan herrian euren obrak erakutsiko dituztenak.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.