Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Mutriku
2008ko abuztuak 20, Eguaztena

2008-05-12 | 16:15:05

Kultura

Ikusleek zeresana edukiko dute Plazatik Gaztetxerako finalistak aukeratzerakoan

Kultura ›› Jokin Labaienek lortu du finalerako lehen txartela; Egoitz Alkorta mutrikuarra hirugarren postuan gelditu da.

Epaimahaia eta ikusleak. Bi aldeen iritzia hartuko da kontuan aurtengo Plazatik Gaztetxera ekimeneko finalisten izenak erabakitzeko orduan.

Jarri da martxan bertsolari gazteen arteko dema ahalbideratzen duen Plazatik Gaztetxera ekimena. Jokin Labaien izan da finalean sartzea lortu duen lehen bertsolaria. Saio berean aritu ziren Egoitz Alkorta Beano mutrikuarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra; hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren postua eskuratu zuten. Hiru bertsolari gazteak Elgoibarren aritu ziren seikoteko parte izan ziren. Eta haiei egokitu zitzaien aurtengo edizioko berritasuna probatzea. Izan ere, finalera zuzenean sailkatuko den bertsolaria aukeratzeko ikusleek paper aktiboa jokatuko dute aurten.
Kanporaketa saioetan lau lan bete beharko dituzte bertsolariek: ofizioka hiruna bertso zortziko handian, ofizioka hiruna bertso zortziko txikian, launa kopla eta gai bati bi bertso osatu beharko dituzte. Azken lan horretarako doinua eta gaia libreak izango dira.
Lan denak burutzean, epaimahaiak bere puntuazioaren arabera, bertsolarietako bat aukeratuko du, eta ikusleek, euren aldetik, beste bat. Bi bertsolari horien artetik aterako da finalistaren izena. Horretarako, buruz-burkoa jokatuko dute, eta ofizioka hiruna bertso bota beharko dituzte hamarreko txikian.
Oholtza osatuz
Elgoibarko kanporaketan Labaienekin gertatu zen modura, zuzenean sailkatuko diren beste bi bertsolari egongo dira. Haien izenak maiatzaren 16an Deban eta maiatzaren 23an Soraluzen jokatuko diren saioetatik aterako dira.
Kanporaketa saioek hiru finalista izendatuko dituzte. Seikotea osatzeko falta diren izenak puntuazioaren araberakoak izango dira. Horrela, oraindik ere herriko ordezkaria finalean egoteko aukera egon daiteke.
Guztiak bilduko dituen final nagusia maiatzaren 31n herriko Gaztetxean jokatuko da.

 

 

Jasotako erantzunak:

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.