Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Mutriku
2008ko abuztuak 20, Eguaztena

2008-05-13 | 16:33:34

Gizartea

Arbeko hezurrek 20 urtetik gora dituztela ziurtatu du Udalak

Aisialdi gunea lurrez betetzeko hilerriko lurrak erabili ondoren agertu dira herritarrek ikusitako hezurrak.

«Arben agertutako hezurrek 20 urtetik gora dituzte». Horrenbestez lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zien Josebe Astigarraga alkateak kanposatuan atera berri diren gorpuen familiartekoei.

Duela bi asteburu Arbeko inguruetan paseatzen ari ziren herritarrek hezur batzuk ikustean sortu zen ezinegona herrian. Alkateak azaldu duenez, Udala kanposantuan egiten ari den obratik ateratako lurraren zati bat Arbeko gunea betetzeko erabili da. Hezurrak agertu zirela jakin bezain pronto guztiak jaso zituztela ere jakinarazi du. Horrekin batera, gertatuaren gainean euren harridura erakutsi dute, ez udal langileak eta ez Arbeko gunea egokitzen ari diren Lasuen enpresako langileek ez zutelako hezurren aztarnarik ikusi. «Hala izan balitz, ez lirateke Arberaino iritsi ere egingo, lehenago erretiratuko ziren».
Familiengan arreta
Hezurrak agertu zirenetik, kanposantuko obra egiteko lurretik atera zituzten gorpuen senitartekoak izan dira Udalaren ardura nagusia. «Ideia okerrik egitea ez dugu nahi. Kanposantua berritzeko eman diren pausoak behar diren bezala eman ditugula ziurtatu dezaket», azpimarratu zuen Astigarragak.
Gertatuaren gaineko azalpena eta lasaitasun mezua familei zuzenean ematea izan da Udalaren erabakia. Horrela, atzo iluntzean, kanposatuko lurrak mugitu diren guneko senide guztiekin bildu ziren udaletxean.
Alkateak azaldu duenez, «garai batetan egiten ziren gauzekin» du zerikusia gertatuak. «Susmoa daukagu, lana aurreratzeagatik lehenago izan zen lur-emaile batek hezur guztiak atera beharrean, lurrarekin nahastu eta han lagatzen zituela». Horren aurrean, «orain dela urte dexentatatik ona» gauzak beste era batetan egiten direla nabarmendu nahi izan zuen.
Gelditzeko gune egokia
Hezurrak agertu diren inguruan, aisialdirako gunea egitea da Udalaren asmoa. Hotela egin ahal izateko, kostaldeari itsatsita dagoen lur eremua Udalaren esku laga zuten jabeek.
Arbeko guneari orain arte eman zaion erabilera bera ematea da Udalaren asmoa; hau da, aisialdirako geldiunea izatea lortu nahi dute. Horretarako, ordea, inguru guztia baldintza egokietan jartzen ari da. Besteak beste, aparkalekuak, berdeguneak eta mahaiez eta aulkiz hornitutako guneak jarriko dituzte.
Arbeko aisialdi gunea aurtengo udaran erabiltzeko moduan egongo dela aurreratu nahi izan du Astigarragak.

 

 

Jasotako erantzunak:

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.