
AMAITU DIRA MALENAK
############
Malenak Santixo Eguna ardo eta txerri dastaketarekin amaitu dute mutrikuarrek; astelehenean hasitako jaiak amaitu dira.
edurne burgaña
Uztailaren 21a noiz iritsiko egoten dira mutrikuar asko eta asko. Eta ez da harritzekoa, orduantxe hasten dira-eta herriko jai nagusiak, malenak. Aurten, Malen bezpera astelehena izanda, aurreko asteburuan hasi ziren ospakizunak. Baina amaitu dira jaiak: Santixo Egunak eman die amaiera.
Margotzen hasi zuten Santixo Eguna atzo. Mutrikuko Arte Lagunak antolatutako margo lehiaketak hainbat herritako margolariak ekarri zituen herriko bazterrak pintatzera.
1.000 pintxo
Jai guztietan martxan egon den haur parkea ere atzo umez josita zegoen. Oinetakoak kendu eta puzgarrietan saltoak ematen ibili ziren, jaietako azken egunari zukua atera nahian.
Goiko Plazan, Arabar Errioxako ardoak eta txerria dastatzeko aukera egon zen. Manuel Arrizagabalaga harakinak azaldu du txerria nondik zetorren: «Naparrak dira txerriak, ez dira Labelak, baina euskal naparrak dira: bi txerrien artean 185 kilo pisatzen dute. Biak emeak ziren: normalean, okela goxoagoa edukitzen dute. Gainera, larrean ibilitakoak ziren, koipe gutxiago edukitzeko».
Aurten, gainera, erretzailea mutrikuarra izan da: Goixenetxe baserriko Jose Egaña. «Zortzi ordu inguru eduki du txerria su baxuan. Brasatik metro betera: beroa jasotzen, baina erre gabe. 1.000 pintxo inguru atera ditugu bi txerrietatik».
Herriko harakin guztiak egon ziren txerria mozten eta pintxoak egiten, eta baserritarrak herritarrei pintxoak ematen.
############
############
Rock jaialdiak gaueko hotza bero bihurtu du
Moilako kontzertuak Herriko The Wet Band eta Su ta Gar: talde berria bata, ibilbide luzekoa bestea, baina kalitatezkoak biak.
e. burgaña
Malen Jaietako Koadrila Egunean rock jaialdia antolatu zuen Mutrikuko Rock Kolektiboak. Eta ez edonolakoa gainera: taula gainean Mutrikuko The Wet Band eta Su ta Gar aritu ziren. Portua jendez bete zen, rock egarriz.
Mutrikuarrek hasi zuten emanaldia: betiko moduan, bertsio bikainak jo zituzten, eta entzutera joandakoak giroan sartu zituen. Salto eta dantza aritu ziren lehenengo ilaretan zeudenak.
Su ta Gar taldea taularatu zenerako, giroa guztiz berotuta zegoen: portura jaitsitakoek Su ta Gar entzuteko gogo itzela zeukaten, eta taldeak erantzuten jakin zuen.
Ikusleengana iritsi
Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako jendea zegoen herenegun Mutrikun, eta guztiak, Su ta Gar entzuteko zain.
Jarraitzaileen artean arrakasta duten abestiak, taldearen ibilbidean esanguratsuak izan direnak jo zituzten. Ikusleak lehenengo ilaretan batu eta dena ematen aritu ziren, eta berdin egin zuten musikariek ere.
Giro ederra sortu zuten guztien artean. Portuan zegoen hotzari berotasuna eman zioten abesten eta dantzatzen aritu ziren guztiek. Eta Aitor Gorosabelek benetan jakin zuen ikusleengana iristen.
############
############
Koadrila Eguneko sokamuturra, emozioz betea
sokamuturra Malenetako sokamuturrek beti erakartzen dute jendea. Saltaka egitera batzuk eta hesiaren atzean animatzen egotera besteak. Herenegun, lau zezen atera zituzten, baina, aurten, leku ezberdinetik. Izan ere, lehen Ibaibarriaga kale hasieran jartzen zuten kamioia, eta orain, Kaidoseko aldapa hasieran. Emozioz betea izan zen herenegungo sokamuturra. Mutrikuar batek irrist egin eta erori egin zen zezenaren aurrean. Zezenak ikusi egin zuen, eta berarengana joan zen: kolpatu egin zuen birritan, eta gainera, hesiaren aurka jo zuen buruarekin. Buruan zuloa egin zion zezenak, eta ondorioz, Mendaroko ospitalera eraman behar izan zuten. Han, zazpi puntu inguru eman zizkioten.
############
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-12-03
DEIALDIAK
Argazki zaharren erakusketa
LEKEITIO, - 2008-11-25
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.